Sagu txiki bat poz-pozik dabil basoan. Gosetuta dago eta sabela betetzeko hurren bila joatea erabaki du. Bidean, bera bezain gosetuta dauden azeria, hontza eta sugearekin topo egin du. Hirurek etxera gonbidatu nahi dute bazkaltzera, baina sagua ez da haien asmoez fio eta modu atseginean ezetz esan die haien gonbidapenei; izan ere grufaloarekin hitzordua du! Baina zer da grufalo bat? Ezagutu Grufaloaren eta haren alabaren mundu liluragarria. Julia Donaldson idazleak, haur-literatura modernoan erreferentea denak, sortutako samurtasunez eta balioz betetako abentura.
Matilda Wormwood 5 urteko haur azkarra da, bere adinari dagokionerako oso aurreratua. Gurasoek ez diote kasurik egiten, ez dira Matildaren hezkuntzaz arduratzen eta beraien aisialdi eta bizimoduari ematen diote garrantzia. Zaintza gabezi horren aurrean, Matildak aparteko gaitasunak dituenez bere kabuz irakurtzeko gai da eta txikitatik bere kabuz joaten da liburutegira. Eskolan, Matildak Trunchbull izeneko zuzendari beldurgarria ezagutuko du, pertsonaia honek eskola tradizionalaren irudia islatuko duelarik. Eta harreman berezia eraikiko du Honey andereñoarekin eta honek, bere garapenean lagunduko dio, gurasoek ematen ez dioten arreta asebetez eta bere jakin-mina elikatuz.
Olaf Konde maltzurrak Baudelaire familiako umezurtzen dirutza eskuratu nahi du, eta horretarako era guztietako mozorro eta amarruak erabiliko ditu.