Uda amaiturik, Harryk bere osaba-izeben etxe itogarritik alde egiteko abagunerik ez du aurkitzen. Halako batean Dobby azalduko zaio logelan, elfo domestikoa. Honek ohartarazpen beldurgarria egingo dio: Hogwartsera itzuliko balitz egundoko arriskupean egongo litzateke. Elforen ahaleginak ahalegin, Ron eta bere anaiek auto hegalari batez erreskatatuko dute Harry, zeina Weasleytarren etxe goxoan besozabalik hartuko duten.
Peter Pan hazi egin da eta orain ospe handiko abokatua dugu. Ez du bere haurtzaroko deus ere gogoratzen, baina Kako kapitainak bere seme-alabak bahitzen dituenean, Inoiz Ezko lurralde liluragarrira itzuli beharko du haien bila. Han, Kanpaitxo maitagarriaren laguntzaz, seme-alabak ezezik behiala izan zen haurra ere berreskuratzeko aukera izango du.
Morgan Adams piratak eta bere esklaboak, William Shawek, altxorraren mapa bat berreraikitzeko beharrezkoak diren hiru zatien bilaketari ekingo diote. Zoritxarrez, bere osaba Dawg ankerra da azken piezaren jabea. Baina abentura hasi aurretik matxinada bat baretu beharko du Morgan Adams kapitainak, eta egoera are gehiago korapilatuko da Britainia Handiko Koroa ere bere aurka jartzen denean.